In #3dlanlab

Sorkuntza kolektiboko tailerrak Getxo LANLAB espazioan.

Getxo LANLAB espazioa berrikuntza irekirako topagune bat da, non ideia eta prototipo berriak garatzen baitira 3D inprimaketako teknologietan oinarriturik. Une honetan, laborategia tailer programa bat bultzatzen ari da kirol eta bizitza egokiturako konponbide berritzaileak sortzeko. Profil oso desberdinei zuzendutako topaketen bitartez, Getxolan Lab espazioaren inguruan sortutako komunitateak 16 prototipo diseinatuko eta fabrikatuko ditu detektatu diren beharrei erantzuteko, eta 3D inprimaketa erabiliko du horretarako.

Ekimen hori lankidetzan sustatu dute 3DLan elkarteak eta GetxoLan, Getxoko Udaleko Ekonomia-Sustapen Sailak. “3DLan elkartearen helburua da konponbideak sortzea 3D inprimaketa erabiliz eta konponbide horiek eskaintzea ezgaitasunak dituzten pertsonei. Bestelako jarduerak ere garatzen ditugu, elkartea ekonomikoki sostengarria izan dadin”, azaldu du Santi Pisonerok, 3DLan elkarteko koordinatzaileak. Premisa horretatik abiaturik abiarazi dute tailerren egitaraua, helburutzat hartuz potentzial ekonomikoa eta soziala duten konponbide berriak sortzea. Getxolanentzat, ekimen hori aukerakoa da garapen ekonomikorako aukera berriak bultzatzeko bere arlo estrategiko batean: kirola eta ongizatea.

Prozesuak hiru fase ditu –asmakuntza, diseinua eta fabrikazioa-, eta lau arlo zehatzetara zuzenduta dago: taldeko kirolak, uretako kirolak, bakarkako kirola eta bizitza egokitua. Maker, diseinatzaile, erabiltzaile eta enpresek parte hartu dute tailerretan, non 16 konponbide identifikatu baitituzte 3D inprimagailuekin fabrikatzeko. “Orain erronka da objektu berriak asmatzea Getxolan Lab espazioko komunitatearen bitartez, eta design thinking sorkuntza-prozesua aplikatuz geure bitartekoekin inprimatzeko moduko prototipo fisiko bihurtzea” azaldu du Santi Pisonerok.

Konponbideak dagoeneko aukeratuta daude eta horietako batzuk dira, adibidez, kirol desberdinetarako babesak, neoprenoari akoplatzeko kaxa estanko bat, erabilpen anitzetarako egokitutako helduleku bat eta argazki kamerentzako euskarri ergonomiko bat. Hurrengo fasea da prototipoak fabrikatzea, eta apirilaren amaieran aurkeztuko dira prozesu osoaren emaitzak.

Proiektuak badu beste erronka handi bat: konponbide guztiak eskuragai jarriko dira Creative Commons lizentziapean. Horrek esan nahi du jabetza intelektuala jabearena izango dela, baina edozein pertsonak deskargatu ahal izango duela diseinua erreproduzitzeko. “Bizi dugun paradigma aldaketari erantzuten dio, kontua ez baita balio diferentzial handiko objektu bat aurkitzea, baizik eta negozioa beste alderdi batzuetan oinarritzea, adibidez, bezeroarekiko hurbiltasunean, posizionamenduan eta markaren garapenean” azaldu du Santi Pisonerok.

 

Sarrera originala SPRIn.

deporteTalleres Lanlab 3DLAN Getxolan